Ongietorri


Eguzkilore (euskera)

Kondairak dio, milaka eta milaka urte direla, gizakia lurrean bizitzen hasi zenean, ez zela eguzkirik ez ilargirik, eta iluntasun amaigabean bizi zirela, lurraren erraietatik zezensuzko, zaldi hegalari, dragoi ikaragarri tankeran erruz ateratzen ziren iratxoen beldurretan…

Gizakiek, etsita, Lurri laguntzeko eskatzea erabaki zuten.

-Ama Lur-erregutu zioten- etengabe mehatxatzen gaituzten arriskuetatik babesteko eskatzen dizugu...

Lur oso lanpetuta zegoen eta ez zien kasurik egin, baina gizakiek ekin eta ekin egin zioten eta, azkenean, jaramon egin behar…

-Seme-alaba maiteok. Laguntzeko eskatu didazue eta horixe egingo dut. Izaki argidun bat sortuko dut eta Ilargi deituko diozue.

Eta Lurrek Ilargi sortu zuen. Hasieran gizakiak ikaratuta zeuden eta beraien kobazuloan sartuta egon egon ziren luzaroan, ateratzeko beldurretan, baina apurka-apurka, ohitu ziren.

Gizakiak bezala, iratxoak eta sorginak ere beldurtuta zeuden argizko izaki hura zeruan ikustean, baina horiek ere ohitu egin ziren eta laster hasi ziren berriro ere beren leize-zuloetatik ateratzen eta gizakiak erasotzen.

Gizakiak Lurrengana jo zuten berriz ere laguntza-eske.

-Ama Lur –esan zioten- itzel eskertzen dizugu Ama Ilargi eman izana, baina oraindik boteretsuago den beste zerbait behar dugu, iratxoak gainetik kendu ezinik gabiltza-eta.

-Konforme. Oraindik argitsuago izango den izaki bat sortuko dut eta Eguzki deituko diozue. Eguzki, eguna izango da, eta Ilargi, gaua.

Eta Lurrek Eguzki sortu zuen.

Hain zen handi, argitsu eta beroa, gizakiak apurka-apurka ohitu behar izan zutela, baina poza ikaragarria izan zen, zeren Eguzkiren berotasun eta argiari esker, kolore bizidun landareak eta fruta-arbolak hazi baitziren. Eta, hori baino garrantzitsuago oraindik: iratxo eta sorginak ezin izan ziren egunaren argitasun handi hartara ohitu, eta ordutik aurrera gauez bakarrik ateratzen ziren.

Gizakiak, Lur ikustera joan ziren berriz ere.

-Ama Lur –esan zioten- itzel eskertzen dizugu Ilargi eta Eguzki oparitu izana, baina beste zerbait behar dugu oraindik, zeren egunez arazorik izan ez arren, gauez iratxoak beren leize-zuloetatik atera eta eraso egiten baitigute.

Lurrek honela esan zien:

-Ongi da. Beste behin lagunduko dizuet. Lore bat sortuko dut, eta hain ederra izango da, berori ikustean gaueko izakiek ihes egingo dutela, Eguzki bera delakoan.

Eta lurrek Eguzki-lorea sortu zuen, zeinak gaur egun ere gure etxeak espiritu gaizto, sorgin, lamia, gaixotasunaren iratxo, ekaitz eta tximistatik babesten dituen.

Cartel oficial